Walkie-talkie

Jostailu eta irrati-amateurrerako hainbat walkie-talkie

Walkie-talkiea eskuko gailu eramangarri bat da, irrati seinaleen transmisore-hargailu gisa lan egiten duena. Lehenengo walkie-talkieak erabilera militarretarako diseinatu ziren, hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerran hasi ziren lehenengoz erabiltzen. Hasieran infanteria taldeek erabiltzen zituzten, baina honen erabilgarritasuna ikusita bere erabilera tanke eta artilleria unitateetara ere zabaldu zen. Gerra amaitu ostean, teknologia publiko orokorrerako jarri zen eskuragarri.[1]

Walkie-talkie arruntek telefono mugikor zahar baten itxura izan ohi dute, integratutako mikrofono eta bozgorailu batekin. Bi osagai hauek bereiz edo unitate bakarrean egon daitezke. Goiko aldean seinaleak bidali eta jaso ahal izateko antena kokatzen da, normalean gailuaren gorputzetik irteten dena.

Gailuek irrati seinaleak transmititzen dituzte erdiduplex kanal batetik zehar, hau da, une jakin batean, kanal horretatik gailu bakar batek transmititu dezake eta aldi berean hainbat gailuk entzun dezakete transmisio hori. Beraz, gailuek seinaleak transmititu edo jaso ditzakete, baina ez biak batera. Beste ezaugarri nagusi bat push to talk (PTT) etengailu baten integrazioa da. Etengailua sakatzean gailua seinaleak jasotzeko modutik aterako da eta transmisio moduan sartuko da.

  1. (Ingelesez) Sterling, Christopher H.. (2008). Military Communications: From Ancient Times to the 21st Century. ABC-CLIO ISBN 978-1-85109-732-6. (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search